Zaldi lasterketak

Martxoak 28: analisia

Udaberriko denboraldi berri bat, ZLko erredakzio osoa oporretan harrapatzen duena. Jardunaldi ttipi baina interesduna, Riocorvo handiaren berragerpena eta guzti. Ostegun Santuko goizerako plan ederra, PMUren saretik ere jarraitu ahal izango dena. Programa osoa hemen (diseinu berritu bikaina eman diote hipodromokoek).

Boteprontoan urrutitik egindako presazko analisia doakizue:

1. Lasterketa:(11:35): Marqués de Miraflores de San Antonio behortegia (Elzaam). Jockey amateurrak. 2.000 m

06 RIOCORVO Urrezko Kopako gure faboritoa zen 2021ean. Ezin izan zuen barruan zuen guztia atera,; karreretako ajeak. Baina geroztik txanpa ikusgarria harrapatu zuen G3 irabaziz Vichyn eta Arabian goi mailako karreretan parte hartuz. Kristalezko zaldia dugu. Min hartu eta iazko otsailetik lehorrean dago. 49,5 balio duen elementurik ez dugu hemen aspaldi ikusi (41;5 nonbait estatuko baliotan ¿?). Beste upeleko sagardoa. Osorik baldin badago,nahiz eta berragertu, ez dago beste irabazlerik. Bestela, begi bat jarriozue 01 GAHERISi eta beste bat 05 LOSE YOUR WADi. Lehenengoak horrelako karrera pare bat irabazi zituen hemen iaz (lokatza eta amateurrak) eta bestea Rocioren fitxaketa ingeles berria da (28.000 ginea) udatik korritu gabea, hondarrean irabazle. eta balio zein jatorri txukunekoa.

Gure hautua: 06 RIOCORVO – 01 GAHERIS – 05 LOSE YOUR WAD

2. Lasterketa (12:07): Agrado behortegia ( Bow Creek) saria. 2.200 m.

Urteko sari nagusietan parte hartzeko merituak egin nahi dituzten hainbat zaldi, maila onekoak. 01 MONSIEUR XOO zaldi sendoa da, distantziaduna eta 40 balioaren bueltan beti. Quinté profilekoa (pare bat irabazitakoa da). Sarabiak erosi berria Barberoten ikulutik (18,000 €). 7 urte eta miloi laurdena fakturatutakoa. Makina bat. 03 PHILAUri Urrezko Kopa handiegi geratzen zaio beti, baina bestelakoetan arerio gutxi izaten du hemengo pistan. Bigunean eta Fayosekin, ez da harrapatzen erraza izango (nahiz eta berragertu). 02 AMTIYAZ eta 06 SIR ANTONINO berragertuko dira. Frankelen semea Madrilgo Sari Nagusian azkenputz egin zuenetik (prestakuntzazkoa irabazi ondoren) eta Odriozolarena Urrean seigarren (txukun) amaitu zuenetik, korritu gabe Biak ala biak proiektu itxaropentsuak… ziren. Ikusteke. Fidagarriagoa da gaur egun 05 MAGICAL BEAT alemaniarra. Sevillan irabazi berri, mugatuagoa izan arren, ez du hutsik egingo.

Gure hautua: 03 PHILAU – 01 MONSIEUR XOO – 02 AMTIYAZ

3. Lasterketa (12:39): Behortegi Militarra(Abdel, Amedeo Modigliani, Gael Legacy). 1.600 m. (handikap 1. zatia)

03 ROMEOri itxura ezinhobea hartu genion Sevillan egindako berragerpenean, zikiratu osteko lehenengoa. Agian metroren bat izan dezake soberan. Baina lokatza laguna du eta bere ikulua gori-gori dabil. Barrura. 02 EL SOKHNA berrengaiatu dute probarako. Jada martxan dabil neguan zehar eta errodajea eginda etorriko da. Pista ondo joaten zaio nahiz eta pasa den udan pattal xamar ibili. Handikapean merke jarri dute. Sousa bolantean. Hortxe. 05 URBIETA eta 06 UROLA militarrek etxeko saria eraman nahiko dute. Beti ondo korritzen dute hemen baina batzuk zorroztuago datoz. Hurrengorako.

Gure aukera: 03 ROMEO – 02 EL SOKHNA – 05 URBIETA

4. Lasterketa (13:11): Dehesa de Milagro saria (handikap 2. zatia). 1.600 m

Garaipen bereziki hunkigarrria lortu zuen Julia Zambudiok bere 09 MANIOKArekin pasa de abuztuan hemen. Orduko baldintza beretsuak topatuko ditu berriz bikoteak, Madrilen nagiak kentzeko ezinbesteko berragerpena egin ondoren. Enfokatuta. Oso arriskutsua. 01 TIGER BASH ez da bigarren zatikoa. Hain arerio ahulen kontra gutxitan topatu da eta Fayosek aukera aprobetxatu beharko luke. 03 COOLMEN VEGAk erakutsi du gure pistan eta bigunean ondo baino hobeto moldatzen dela. Cristina Perezen deskarguak pole posizioan uzten du.

Gure hautua: 09 MANIOKA – 01 TIGER BASH – 03 COOLMEEN VEGA

5. Lasterketa (13:45): Siete Iglesias behortegia saria. 2.000 m

Buruz buruko lasterketa 01 BACKSTREETS eta 03 LEIVINHAren artean. Lehenengoa Madrilen oso ondo korritzetik dator aurreko astean, distantziarekin arazorik ez duela frogatuz. Bigarrenak oso erraz irabazi zuen azaroko debutean baina atzean ez zuen ezer utzi. Ikusteke dago bere benetako maila eta distantzia egingo ote duen.

Gure hautua: 03 LEIVINHA – 01 BACKSTREET

Martxoak 28: analisia

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Scroll to top